Larunbata, 2013ko abenduak 28a.
Nazioa gara,
ofizialtasuna nahi dugu.
Martxel Toledo.
ESAITeko kidea.
Agian batzuek hori pentsatuko badute ere, izenburuko leloa
ez da guk asmatutakoa, hainbat zelaitan euskal jokalariek pankarta bidez aldarrikatutakoa
baizik; besteak beste, 2007. urtean, Venezuelan hango selekzioaren aurka aritu
zirenean. Eta seguruenik beste hainbat leku eta ekitalditan erabilitakoa,
finean, nazio bat garelako eta ofizialtasuna nahi eta behar dugulako.
Jakina da euskal gizartearen gehiengo bat ofizialtasunaren aldekoa dela. Hori
baieztatzeko, hainbat datu eta kasu aipa ditzakegu; besteak beste, Gasteizko
Gobernuak aginduta, 2000. urtearen hasieran EAEn egindako inkestak izandako
emaitzak edota selekzioa lehiatzen den bakoitzean zaleek futbol zelaietan zein
kaleetan ematen duten erantzuna. Horren lekuko, besteak beste, 2007an, Euskal
Herria eta Katalunia partiduaren aurretik, Bilbon guk antolatutako manifestazio
erraldoia jarri dezakegu.
Hala ere, zoritxarrez, egun, aldarrikatzen dugun ofizialtasun horretatik urrun
gaude, salbuespen gutxi batzuk kenduta, euskal kirolariak, nazioartean selekzio
batekin aritzekotan, Espainia edo Frantziarekin lehiatu beharrean daudelako.
Eta diot beharrean, lizentziak direla eta, aipatu federazio horiek
deitzen diotenean kirolaria derrigortuta dagoelako deialdi horri baietza
ematera, bestela, zigorraren arriskua dagoelako. Eta, jakina, kirolarien izaera
lehiakortasunean oinarrituta, logikoa ere bada, arrisku horri beldurra
edukitzea.
Egoera korapilatsu honen aurrean, ezinbestekoa da urrats gehiago egitea, begi
bistakoa delako orain arte egindakoak ez direla nahikoak izan. Zentzu horretan,
politika arloan, euskal instituzioei eta, batik bat, Gasteiz zein Nafarroako
gobernuei, ofizialtasuna lortzeko kirol politika egokia planifikatzea eta
garatzea eskatzearekin batera, kirol eragile guztiei, federazio, elkarte,
kirolariei zein zaleei, urrats horiek egiteko prestasuna eta borondatea
eskatzen diegu. Gure ustetan, nazioartean selekzio propioa izateko bidea horren
alde gauden guztion artean egin behar dugulako. Hemen ez dago inor soberan,
euskal selekzioaren afera ez delako inorena, euskal gizartearena baizik.
Horren harira, eta Euskadiko futbol federazioarekin azaroaren hasiera izan
genuen bileran argi utzi genion modura, prest gaude, beti egon garen bezala,
elkarlanean urratsak egiteko eta gure eguneroko egin beharrak horretara
bideratzeko. Eta antzeko mezua eman genuen Eusko Jaurlaritzako kirol
zuzendariarekin izandako bileran ere, alegia, selekzioaren afera guztiona zela
eta, alde horretatik, elkarlanerako borondatea azaltzen geniola.
Gaur larunbata, San Mames futbol zelaian, euskal futbol selekzioa Perukoaren
aurka ariko da, eta, horren harira, aldarrikapenaren lekuko bihurtuko da Bilbo
berriro. Gure kasuan bi ekimen antolatu ditugu: lehena, eguerdiko 12:00etan,
Pagasarri mendian, eta bigarrena, arratsaldeko 18:30ean, Areatzatik abiatutako
manifestazioa, Ofizialtasunerantz, urrats + leloarekin. Ekimen horien
bidez irudikatu nahi dugu ofizialtasunaren aldeko gure ekarpena.
Baina aurtengo deialdiak badu bere berezitasuna, zeren azken urteetakoekin
alderatuta, aurtengoan, batik bat, iazko Anoetako istiluak eragindako irudi
lotsagarriak kontuan hartuta, ez dugulako edarien eta bengalen apologiarik egin
nahi. Argi dugu: istiluek sor ditzaketen arriskuekin batera, ofizialtasunaren
aldeko aldarrikapenaren irudia eta balioa kakazten dute. Alde horretatik, iaz
egin genuen bezala, aurten ere horrelako jokaerek ofizialtasunaren
aldarrikapenari kalte baino ez diotela egiten adierazteaz gain, argi utzi nahi
dugu ez dugula onartuko bengala edo antzeko material arriskutsurik, jaiaren
gainetik herri baten aldarrikapena eta irudi ona dagoelako jokoan.
Beraz, demostratu dezagun euskal zalea, konprometituena izateaz gain, munduko
zale onena ere badela. Gora Euskal Herriko selekzioak!